Sozializazio linguistikoa

Haurtzarotik gure hizkuntzen gramatika ikasten dugu ingurukoekin harremanetan, baita hizkuntza horiek erabiltzen egoeraren eta gure solaskideen arabera. Hizkuntzekin, azentuekin, hitzekin eta intonazioekin zer balio lotzen diren ere ikasten dugu, eta, hala, gure hitz egiteko moduagatik nola epaituko gaituzten aurreratu dezakegu. Baina horrek ez du esan nahi sozializazioa adin edo bizitzako etapa jakin batera iristerakoan amaitzen den prozesua denik. Bizitza osoan luzatzen da, eta egunerokotasunean aurrez aurre ditugun gizarte- eta kultura-balioz betetako hizkuntza-jarraibideekin gorpuzten da. Lehenik eta behin, familian, non ez den arraroa honelako esaldiak zuzentzea, “normala iruditzen zaizu horrela hitz egitea”, eta gero eskolan, zer hizkuntza hitz egin behar dugun eta etxean soilik erabiltzeko hizkuntza zein den irakasten digutenean, “eskolan gaztelania bakarrik hitz egiten da, arabiera etxean hitz egiten duzu”.

Herrialdea aldatuz gero, birsozializatu egin beharko dugu, eta baliteke aurretik ikasi genuen hizkuntza, prestigio-hizkuntza zena, testuinguru berrian hala ez izatea. Horrela, gure hitz egiteko modua herri-hizkeratzat, desbideratzetzat edo, are, delitutzat har daiteke, adibidez, zenbait guraso latindarrari gertatzen zaiena: salatuak izaten dira beren seme-alabei ingelesez hitz egin ordez gaztelaniaz hitz egiteagatik, eragiten omen dieten ustezko kalteengatik. 

EquiLing ikerketan

  • Proiektuan parte hartzen duten kideekin gogoeta egiten dugu haien hizkuntza-sozializazioaren giltzarriei buruz: zer hizkuntza, balio eta egokitzapen-arau ikasi zituzten, nola lotu ziren beren bizi-ibilbideetan —adibidez, hiriz eta/edo herriz aldatu baziren—, eta zer ondorio izan dituzten gizartean parte hartzeko eta haien irudian.
  • Gogoeta horretan zehar, beste balio, arau eta ideologia linguistiko batzuk sortzen ditugu elkarlanean.

Gehiago jakiteko

Duff, P. A. (2010). Language socialization. In S. McKay eta N. H. Hornberger (arg.), Sociolinguistics and language education (427-452.or.). Multilingual Matters.

Ochs, E. eta Schieffelin, B. B. (1984). Language acquisition and socialization: Three developmental stories and their implications. In R. A. Shweder eta R. A. LeVine Ikeda, E. (arg.), Culture theory: Essays on mind, self and emotion. Cambridge University Press.

Sozializazio linguistikoaren bidez, gizarte edo kultura bateko pertsonek gaitasun, arau, balio eta hizkuntza hautemateko modu batzuk ikasi eta barneratzen dituzte, eta horiek gizarte horretan parte hartzeko beharrezko trebetasunak ematen dizkiete.