Elkarlaneko ikerketa

Elkarlaneko ikerketa giza eta gizarte-zientzietan ikertzeko moduen multzo bateko osagaia da, eta ikertzen diren pertsonen eta pertsona ikertzaileen arteko distantzia eztabaidatzera edo berrikustera bideratzen da. Ikerketa-diseinuen tradizio luze batean txertatzen da. Diseinu horiek ikertzen diren testuinguruak eraldatzea dute helburu, eta ikerketa-agente gisa inplikatzen dituzte bai mundu akademikoko profesionalak bai beste pertsona batzuk. Agian ezagunenak Ikerketa-ekintza eta Ikerketa-ekintza parte-hartzailearen diseinuak dira.

Elkarlaneko ikerketa, gure ustez, ikerketa konprometitua da. Bere jatorria du egoera bati buruzko hausnarketa sakonean eta hori aldatzeko proiektu politiko-zientifikoan. Bereziki, gure kasuan, gure ikerketen emaitzen arabera, desberdintasun linguistikoa, desberdintasun sozialen, etnikoen, generokoen eta abarren partea izanik ere, modu berezian gauzatzen da eta hizkuntza-sozializazioko testuinguru batzuetan errepikatzen da. Testuinguru horietan, hizkuntzaren gaineko ideologiek zentzua ematen diete biztanleriaren sektore batek beste sektore bat diskriminatzeko eta menderatzeko praktikei.
Hizkuntza-desberdintasuna legitimatzeko, egiteko eta erreproduzitzeko moduei buruzko ezagutza horren ondorioz, hizkuntzaren eremuko ikerketa tradizionalen oinarri epistemologikoak berrikusi dira. Bereziki, datuen « berri ematen dutenen» eta datuak «ikertzen dituztenen» arteko distantziak, eta «ikerketa-praktiken» eta «esku hartzeko praktiken» artekoak.

 

Era berean, gure ikerketen emaitzek erakutsi dute beharrezkoa dela elkarrizketan jartzea lantzen ditugun diziplinen bilakaeraren eta lan egiten dugun pertsonen agendaren ondoriozko ikerketa-agendak. Hau da, ohiko ikerketetan ez bezala, proiektuak gidatzen dituzten kezkak ez dira bakarrik sortzen akademiatik ikertzen duten pertsonengan, gurekin lan egiten dutenengan ere sortzen dira. Agenda horien arteko elkarrizketa horrelako ikerketak definitzen dituen prozesu metodologikoaren partea da.


Elkarlaneko edo baterako laneko ikerketa ere gogoeta-gaia da. Xochitl Leyva Solano, Joanne Rappaport, Shannon Speed, Araceli Burguete, Carolina Gandulfo eta Virginia Unamuno egileek, besteak beste, horrelako ikerketak definitzeko elementuak ekarri dituzte, batez ere elkarlaneko etnografietan. Oro har, honako hau adostu dute definizio orokor bezala: baterako laneko ikerketa ezagutza ekoiztera (eta eraldatzera) bideratutako lana da, elkarrekin lan egiten duten hainbat kolektibotako pertsonek osatzen dituzten taldeetan. Bat datoz, halaber, pentsatzean epistemologien hierarkizazioaz eta jakintzaren, egitearen, sentitzearen eta pentsatzearen kolonialtasunaren esparruan baliozkotu den ezagutza sortzeko moduez eztabaidatzen saiatzen den lan mota bat dela.


Asimetria eztabaidatzen duen eta jarrera tradizionalak mugiarazten dituen ikerlan baten bilaketa ez da beti erosoa. Aitzitik, tentsioak, eztabaidak eta negoziazioak eskatzen ditu. Ikerketaren helburuak, ekiteko moduak, egiletza eta etekinen banaketa (zuzenekoak eta zeharkakoak) modu kolektiboan berrikustean sortu ohi dira holako  tentsioak.


Adierazi dugun bezala, ikerketen helburuak eztabaidatu egiten dira, oro har, agenda desberdinak adosteko. Horrek eskatzen du amore eman, ulertu, artikulatu eta puntu komunak bilatu behar izatea, eta horrek, askotan, kezka pertsonalak alde batera uzteko eskatzen du.


Ekiteko moduek beti erosoak ez diren rolak sorrarazten ditu. Adibidez, hezitzaileekin egiten den lanean, deserosoa izan daiteke irakasten duenaren eta behatzen duenaren rolaren arteko bereizketa, baina rolen aldaketa mesedegarria izan daiteke.

Egiletza partekatua gai garrantzitsua da elkarlaneko edo baterako laneko ikerketaren ikuspegitik. Normalean esparru akademikoan ekoizten ez duten pertsonak egitera gonbidatzea esan nahi du. Artikulu bat taldean idazteak edo ekitaldi zientifikoan elkarrekin parte hartzeak hipotesi eta aurretiko esperientzia asko mugiarazten ditu, bai akademiako kide garenongan, bai ez direnengan. Zein dira idazteko edo esateko modu legitimoak? Zergatik? Baina, era berean, era askotako  kolektiboetako kideak garen neurrian, gure ahotsak jokoan ipintzea dakar. Eta hori ez da erraza, horrek ekartzen baitu idazkera akademiko menderatzailearen tradizioei uko egitea, ikertzen ari denarekiko distantzia hartzen duen enuntziazio-subjektu inpertsonal bat, hirugarren pertsona, lehenesten baitute.


Azkenik, elkarlaneko ikerketak ikerketaren beraren onura zuzenen zein zeharkakoen gaia berrikustea ere du helburu. Horrela, geure buruari galdetzen diogu nori egiten diogun mesede eta nola banatzen diren etekinak parte hartzen duten kolektiboen artean. Horrek ikerketa tradizionalari eragiten dio, zeinaren zuzeneko onurak ikerketarako ziren (karrera akademikoan txertatuz, sustatuz edo sendotuz, adibidez), baina ez nahitaez beste pertsonentzat. Eta gauza bera esan daiteke zeharkako etekinak direla eta.


Gure ikerketetan oso garrantzitsua da ikerketaren eta esku hartzearen arteko bereizketa tradizionala zalantzan jartzea. Bereizketa hori ikerketa sozialaren tradizio enpirizistatik dator, eta, adierazi dugun bezala, aspalditik auzitan dago. Bereizketa hori auzitan jartzeak esan nahi du galdetzea nola sortzen den ezagutza, gure kasuan, nola sortzen den hizkuntza eta gizarteari buruzko ezagutza; hau da, ezagutza soziolinguistikoa. Hipotesia da elkarlanean aritzeak aukera ematen duela ikasten ditugun prozesu soziolinguistikoei buruzko ezagutza egokiagoa sortzeko. Ildo horretan, ikertzen ari garen pertsonekin batera diseinatzen ditugu jarduera kolektiboak, jarduera horietan rol askotarikoak betetzen ditugu eta horrek guztiak taldean egiteak hobeto ezagutzea ahalbidetzen digu.

Gehiago jakiteko

Gandulfo, C. & Unamuno, V. (2020). Nota metodológica ¿A qué llamamos investigación en colaboración en este libro? In V. Unamuno, C. Gandulfo & H. Andreani (Eds.), Hablar lenguas indígenas hoy: nuevos usos y nuevas formas de transmisión. Experiencias colaborativas en Corrientes, Chaco y Santiago del Estero (37-47. or.). Biblos.

Rappaport, J. (2018). Rethinking the Meaning of Research in Collaborative Relationships. Collaborative Anthropologies, 9(1-2), 1-31. https://doi.org/10.1353/cla.2016.0009 ..

Rivera Cusicanqui, S. (2004). El potencial epistemológico y teórico de la historia oral: de la lógica instrumental a la descolonización de la historia (1987). In Seminario de sociología de la imagen. Una visión desde la historia andina (or. ??). Universidad Nacional Mayor de San Marcos.

Leyva Solano, Xochitl, Araceli Burguete & Shannon Speed (Coords.) (2008). Gobernar (en) la diversidad: experiencias indígenas desde América Latina. Hacia la investigación de co-labor. CIESAS, FLACSO Ecuador & FLACSO Guatemala.

Leyva Solano, Xochitl & Shannon Speed (2008). Hacia la investigación descolonizada: nuestra experiencia de co-labor. In Xochitl Leyva, Araceli Burguete & Shannon Speed (Coords.), Gobernar (en) la diversidad: experiencias indígenas desde América Latina. Hacia la investigación de co-labor (65-107. or.). CIESAS, FLACSO Ecuador & FLACSO Guatemala.

Elkarlaneko ikerketa giza eta gizarte-zientzietan ikertzeko moduen multzo bateko osagaia da, eta ikertzen diren pertsonen eta pertsona ikertzaileen arteko distantzia eztabaidatzera edo berrikustera bideratzen da. Elkarlaneko ikerketa, gure ustez, ikerketa konprometitua da. Bere jatorria du egoera bati buruzko hausnarketa sakonean eta hori aldatzeko proiektu politiko-zientifikoan.