Hiztun bihurtzen gara, beste pertsona batzuekin elkarreraginean eta taldean praktikak partekatuz, gure bizi-ziklo osoa irauten duen prozesu dinamiko eta jarraitu baten baitan. Partekatutako jarduera horiek pertsona bakoitzaren hizkuntza-praktikak baldintzatzen dituzte, testuinguru eta egoera desberdinetara egokitzeko gai den hiztun-mota bihurtuz. Horregatik, praktika-komunitatearen (community of practice) nozioa eguneroko praktika kolektiboetan hiztunen subjektibotasunak nola sortzen, mantentzen edo aldatzen diren aztertzeko tresna erabilgarrienetako bat da. Rap kantatzeko elkartzen den gazte-taldea. Saskibaloi-partidak entrenatzen eta jokatzen dituzten nerabeak. Aste barruan entseatzen eta igande guztietan auzoko plazan dantzatzen duten helduak. Talde horiek guztiak praktika-komunitateen adibideak dira. Pertsonek elkarri eragiten dioten taldeak dira, eta haietatik sortzen dira hizkuntza-praktikak eta hizkuntza-ideologiak; izan ere, testuinguru horietan, hizkuntza ez da elementu independentea, autonomoa eta/edo isolatua: hizkuntza lotuta dago bai taldean garatutako jarduera zehatzarekin, bai gizarte-egitura osoarekin.
Equiling ikerketan:
Praktika-komunitatea oso erabilgarria izan daiteke ikuspuntu kontzeptual eta metodologikotik, izan ere:
– Hiztunen ikerketa errazten du; praktika zehatzen bidez, pertsonen, taldearen eta gizarte-egituraren artean sortzen diren dinamikak (linguistikoak) azter ditzakegu.
– Identitatea ez denez finkoa eta hizkuntza-erabilera etengabeko ikaskuntza-prozesua denez, praktika-komunitatea oso espazio egokia da identitate-prozesu hori eta hizkuntza-eraketako prozesu hori behatzeko.
– Praktika-komunitatearen ereduak edozein taldetako aniztasuna onartzen du. Gainera, azterketa-esparru dinamikoa eta aldakorra eskaintzen du, pertsonek komunitate batean baino gehiagotan aldi berean parte har dezaketela onartzen duena.
Gehiago jakiteko:
Eckert, P & McConnell-Ginet, S. (1992). Think practically and look locally: Language and gender as community-based practice. Annual Review of Anthropology, 21(1), 461-488.
Eckert, P. (2006). Communities of Practice. In E. K Brown, R. E Asher, J. M. Y Simpson (Eds.), Encyclopedia of Language and Linguistics, Volume 2 (pp. 683-685). Elsevier.
Lave, J. & Wenger, E. (1991). Situated Learning. Legitimate Peripheral Participation. Cambridge University Press.
Holmes, J. & Meyerhoff, M. (1999). The Community of Practice: Theories and methodologies in language and gender research. Language in Society, 28, 173–183.