El proyecto

Kontzientzia linguistiko kritikoa eta hiztunen agentzia: berdintasun soziolinguistikorako ekintza-ikerketa

EquiLing ikerketa proiektuak proposamen teoriko-metodologiko berria dakar eta ikerketa soziolinguistikoaren bitartez hizkuntzek gizarteko parekotasun ezak nola sortzen, mantentzen eta erreproduzitzen dituzten ulertu eta prozesu hauetan eragin nahi du. Ildo honetan, proiektuak bi xede biltzen ditu: alde batetik, hizkuntzak gizarteko parekotasun ezen eraikuntzan duen rolaren ezagutza sakona izatea eta, bestetik, hiztunek eta soziolinguistek eraikuntza hori bideratzen duten prozesuak nola alda ditzaketen aztertzea.

Helburu hauek lortu eta proiektua abian jartzeko, EquiLing-ek hiru helburu nagusi ezarri ditu. Lehena, eraikitzea marko teoriko berritzaile bat Katalunia, Galizia, Euskal Herria eta Madril bezalako toki elebidunek eskaintzen dituzten egoera soziolinguistiko aberats eta anitzei probetxu ateratzeko. Horretarako, EquiLing-ek hiru kontzeptu-ardatz proposatzen ditu eta prozesu sozial eta soziolinguistiko era askotakoak artikulatu eta beste desparekotasun mota batzuekin lotu: (A) baliabide linguistikoen banaketa desorekatua, (B) hiztunen aitorpen desberdinak, eta (C) hiztunen parte-hartze desberdina gizartean. Marko teoriko honek kontzeptu berritzaileak biltzen ditu, hala nola kontzientzia linguistiko kritikoa, hiztunen agentzia, ideologia linguistikoen araberako hiztun ereduak, subjektibitatea eta herritartasun linguistikoa.

Garapen teoriko horren bitartez, bigarren helburuak eguneroko eta testuinguruaren araberako praktikak ikertzea bilatzen da, eta beren baitan hezkuntza esparru formal eta informalak hartzen dituzten ikerketa eremuetan aldaketa ekar dezaketen indarrak detektatzea ere bai: bigarren eta goi-mailako hezkuntzatik hasita ikasle eta kultura elkarte, mugimendu sozial eta boluntariotza linguistikoko programetaraino. Proiektuaren eremuak hauek direla, bai hausnarketak bai ekintzak parte-hartzaileekin egingo dira eta, hauek, eskuragai dauden aldaketarako aukeren inguruan hausnartu eta ekintza eraldatzaileen diseinuan, inplementazioan eta emaitzen ebaluazioan parte hartuko dute. Horretarako, marko metodologiko berritzailea proposatzen da, uztartzen dituena eremu formaletako eta informaletako etnografia eta PAR (Participatory Action Research), eta komunitate epistemikoak bezalako elkarlaneko ikerketarako estrategiak.

Azkenik, hirugarren helburua ezagutza teoriko eta metodologikoak hezkuntza linguistikorako proposamen eraginkor bihurtzea da. Proposamenok hizkuntza-hezkuntzaren esparruan gauzatu ahal izango dira, ikerketaren testuinguru sozial espezifikoetan zein beste inon, praktika linguistikoen aldi bereko existentzia harmoniatsua sustatzeko eta hiztunek beren buruekiko eta besteekiko errespetua eta berdintasunezko ordena soziolinguistiko inklusiboagoa gauzatzeko. Eraldaketa hau bereziki beharrezkoa da Espainian, non aniztasun linguistikoa babestu eta sustatzen duen arau konstituzionala ez den nahikoa garatu, batez ere (baina ez bakarrik) ofizialki elebidunak ez diren autonomia erkidegoetan. Eraldaketa honek, gainera, Europan gizarte berritzaileago, arduratsuago eta inklusiboagoak garatzen laguntzeko emaitzak bilatzen dituzten erronkei erantzuten die.

EquiLing proiektuan berdintasun linguistikoa eta justizia soziolinguistikoa ditugu helburu eta hizkuntzak egungo desparekotasunen eraikuntzan duen rola dugu aztergai. Etnografia parte-hartzaileen bitartez, testuinguru soziolinguistiko ezberdinetan egiten dugu lan. Justizia soziolinguistikoaren biderantz, zientzia herritarra eta hezkuntza-instituzioetan parte-hartze parekidea sustatzen ditugu. Hizkuntza dela bitarte sortutako parekotasun ezak iraultzeko ekintza eraldatzaileak gauzatzen ditugu Katalunia, Euskal Herria, Galizia eta Madrilgo hiztunekin.