Estibaliz Amorrortu, Iñigo Beitia, Jone Goirigolzarri-Garaizar eta Ane Ortega
Baliabide-sorta hau Unibertsitatean euskal hiztun aktibo bihurtu proiektuan BAM Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako eta Deustuko Unibertsitateko ikasleekin 2018-2022 bitartean egin genuen esku-hartzean erabili genituen baliabideetan oinarrituta dago. Unibertsitatea hasterakoan euskal hiztun aktibo bihurtzeko espazio eta une egokia dela iritzita, bi unibertsitatetako ikasleekin hausnarketa soziolinguistiko kritikoa lantzea eta hizkuntza-praktiketan eraldaketak egitea helburu hartuta, ekintza-ikerketa partehartzaile bati ekin genion, ikasketetako lehen mailan hasi eta laugarren maila amaitu arte. Hemen lau fasetan gauzatu zen ibilbidean erabili genituen baliabideak denon eskura ipini nahi ditugu, interesa izan dezakenak bere helburu eta beharren arabera moldatu eta erabili ditzan.
Ibilbidearen hasieran, gazteek ondoko gaiei buruz gogoeta egiteko tresnak erabili genituen: lehendabizi, bere eta beste lagunen hizkuntza biografiari buruz, gero unibertsitateko espazio ezberdinetan egiten diren eta beraiek egiten dituzten hizkuntza-praktikei buruz; azkenik, unibertsitatean euskara gehiago erabiltzeko erronka bat diseinatzea eta egitea eskatuko zaie, eta esperientzia hori ebaluatutakoan beste erronka bat egitea. Fase hau amaitzeko prozesu osoari buruzko hausnarketa egiteko dinamika ere aurkituko duzu.
Bigarren atalean, kontzientzia soziolinguistiko kritikoa lantzen eta praktiketan euskararen aldeko eraldaketak egiten jarraitzeko tresnak aurkituko dituzu. Euskaraldia baliatuta erabiltzeko prentsatuta daude. Hemen 2018an gazteei Euskaraldia hasi aurretik, erronka burutu zen 11 egunetan eta amaitutakoan, zailtasun eta aukerei buruzko hausnarketa, baita prozesuan lagungarriak diren gakoei buruzkoa ere, egiten laguntzeko erabili genituen elkarrizketa-gidoi eta argibideak daude.
Hirugarren atalean, ikuspegi longitudinalarekin jarraituz, mudantza-prozesua hasi zenetik urte bigarrenera jarraipena egiteko erabili genuen baliabidea daukazu. Euskararen erabilerari dagokionez, momentu horretan non zeuden jarraipen egiteko eta beraiekin batera ordu arteko prozesuan erabili zen metodologiak zelan lagundu zien aztertzeko balio izan zigun. Lanketa hori egiteko partaideak bikoteka elkarrizketatu genituen. Horretarako erabili genuen elkarrizketa-gidoia ikusi.
Azkenik, unibertsitate-ikasketak amaitu berri, ikerketa-proiektuari amaiera emateko berriro bildu ginen lau orduko saioan eta lortutako emaitzei buruzko hausnarketa konpartitua egin genuen. Hemen saioaren hasieran, mudantzari begira zein lekutan zeuden taldean hausnartzeko erabili genuen hizkuntza-biografiaren dinamika eskaintzen da.