Euskadi

Eraldaketa soziolinguistikoko prozesuak euskararen testuinguruan: hiztunak, praktikak eta agentzia

Euskararen hiztun berriak talde estrategikoa dira, euskara normalizatzeko eta euskal gizartea komunitate elebidun gisa sendotzeko. Hala eta guztiz ere, aurreko ikerketek erakutsi dute hizkuntza ikasteak ez duela ziurtatzen hiztun horiek eguneroko komunikazio-jardueretan erabiliko dutenik, ezta euskal hiztunen komunitatean aktiboki parte hartuko dutenik ere. Hori bereziki deigarria da belaunaldi gazteetan, txikitatik ikasi baitute euskara eskolan; eta kezka handia sortzen du euskal gizartean.

Aurreko ikerketek euskararen erabilera murriztuan eragiten duten faktoreen konplexutasuna erakusten dute, baina, inguru nahiko edo oso erdaldunetan bizi diren hiztun berri askoren erabilera-aukera urriez gain, askok duten euskararen hiztun onaren autokontzeptu baxua nabarmendu behar da. Autokontzeptu baxu horren sustraien azterketak agerian utzi du euskal gizartean badela ideologia multzo bat euskararen hiztun legitimotzat nor jotzen den bideratzen dutenak, neurri handi batean erabilitako hizkuntza-barietateari, jatorrizko/ez-jatorrizko dikotomiaren indarrari eta gizartean finkatutako hiztun-profilei lotutako ideologiak, hain zuzen ere. Hala ere, ikusi
da hiztun berri askok auzitan jartzen dituztela ideologia horiek; izan ere, hiztun legitimo sentitzen dira, eta euskaraz modu aktiboan eta berdintasunez parte hartzen dute eskaintzen zaizkien edo aktiboki bilatzen dituzten aukeretan.

EquiLing-Basq proiektuak euskararen hiztun berriek euskal hiztun izateko, bihurtzeko eta definitzeko erabiltzen dituzten praktika zehatzetan sakondu nahi du, baita praktika horiek dakartzaten agentzia mota eta subjektibotasunetan ere, hizkuntza gutxituaren erabilera aktiborako agentzia mota eraginkorrenak identifikatzeko. Azterketa honek hizkuntza nagusiaren erabilera errazten duten ideologia linguistiko nagusiak auzitan jartzeko eta horiei aurre egiteko moduak ere argitara ateratzen lagunduko digu.

Horretarako, ikerketa-ekintza parte-hartzailea (PAR) proposatzen da, euskararen hiztun berrien bi talderekin: Unibertsitateko ikasleak Bilbon eta gazteak aisialdiko taldeetan. Parte hartzeko metodologiak erabiltzen dira, komunitate epistemikoak edo praktika-komunitateak hartuz analisiaren foku gisa eta parte-hartzaileei ikertzailekideen kategoria emanez. Horrela, hausnarketa-prozesuak sustatzen dira, banaka eta taldean, beren praktikei buruz, beren hizkuntza-identitateari buruz eta beren eguneroko bizitzan hizkuntza gutxitua erabiltzeko erabili nahi duten agentzia motari buruz. Hartara, parte hartzeko tresnak diseinatuko dira, gazte horien kontzientzia soziolinguistiko kritikoa areagotzen laguntzeko. Tresna horiek, gainera, argia emango dute ikasleei beren identitateari eta hizkuntza-praktikei buruzko hausnarketa-prozesuan laguntzeko hezkuntza-estrategia eraldatzaileen diseinuan.

Gizartea eraldatu nahi da, baina, zalantzarik gabe, gazte horiek beren elebitasuna modu positiboan bizitzeko gakoak ere aurkitu nahi dira. Horrela, EquiLing-Basq-ek esparru teorikoa (agentzia motak, hiztun moten inguruan,
speakerhood) eta metodologiko (PAR) berritzailea eskaintzen ditu euskal
soziolinguistikaren eremuan, eta, aldi berean, bere egiten du euskal gizartea gizarte elebidun eta berdinzale gisa sendotzen laguntzeko erronka.

Euskararen hiztun berriek euskal hiztun izateko, bihurtzeko eta definitzeko erabiltzen dituzten praktikak eta praktika horiek dakartzaten agentzia mota eta subjektibotasunak aztertzen ditugu. Horretarako, ikerketa-ekintza parte-hartzailea (PAR) proposatzen da, euskararen hiztun berrien bi talderekin: Unibertsitateko ikasleak Bilbon eta gazteak aisialdiko taldeetan.

equiling.eus@deusto.eus

Erreferentzia-zenbakia: Proyecto I+D, ref.  PID2019-105676RB-C42/AEI/10.13039/501100011033