Kontzientzia linguistiko kritikoa

Hizkuntza-hezkuntzaren ikuspegi kritikoaren ikuspegitik begiratuta eta kontzientzia linguistikoaren (LA, ingelesezko language awareness) garapenarekin lotuta, hizkuntza-kontzientzia kritikoa izeneko ikuspegia sortu da (Fairclough, 1999; García 2008; Hawkins, 1984). Delako ikuspegia aberastu da Socrates Lingua programen esparruan 1997 eta 2001 bitartean garatu zen EVLANG pedagogia-berrikuntzarako proiektuak bultzatutako aurrerapen zientifikoez. 

Hezkuntza-esparruan kontzientzia linguistikoa garatzeko helburu batzuk honela laburbil daitezke:

– Hizkuntzaren gaineko gogoeta egiteko gaitasuna sendotu, bai lehen hizkuntzaren (H1) egitura eta funtzioaren bai pertsonen/hiztunen hizkuntza anitzeko errepertorioa aberasten duten hizkuntzen gainean.

– Hiztunengan garatu ikasgelako, eskolako, komunitateko eta munduko hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren aberastasunaren kontzientzia.

– Talde etnikoen arteko harremanak sendotu, talde bakoitzean bere jatorriaren eta darabiltzaten errepertorioen kontzientzia (edo gogoeta) garatuta.

Hizkuntzen irakaskuntzako ikasgeletan ikuspegi hau aplikatzearen ondorioz, ikasleek aukera dute adibide eta hizkuntza-errepertorio aski desberdinak eztabaidatzeko, aztertzeko eta horiei buruz gogoeta egiteko, batez ere, elkarrizketa adierazgarri eta kritikoa (Hawkins, 1992) bada helburua. Jarduera hauek laguntzen diete ikasleei kontzientzia metalinguistikoa garatzen, hizkuntza-aniztasuna estimatzen, eta bizi dituzten aldaketa soziolinguistikoen prozesuen gainean gogoeta egiten.

EquiLing ikerketan

  • Kontzientzia linguistikoa deritzan hurbilbide didaktikoa da gure ikasgeletan egiteko proposatzen ditugun jardueren ikerketa parte-hartzaile eta elkarlanekoaren ardatza.
  • Jarduera-mota horiek ezartzearen ondorioz, praktika eleaniztunak eta/edo metapragmatikoak azaleratzen dira. Praktika horiek egokiak dira, ikuspegi emiko batetik esploratzeko parte-hartzaileek nola negoziatzen dituzten beren arteko harremanetan hizkuntza-ideologiak, hiztunen identitateak, eta hizkuntzen eta aldaeren hierarkizazio polizentrikoa hezkuntza-esparruko espazio eleaniztun berrietan.

Osatzeko

Fairclough, N. (ed.) (1992). Critical language awareness. London: Longman.

García, O. 2008. “Multilingual language awareness and teacher education”.  En Encyclopedia of Language and Education, editado por J. Cenoz, y N. Hornberger, 385-400. Berlin: Springer

Hawkins, E. W. (1984). Awareness of language. An Introduction. Cambridge: Cambridge University Press.

Kontzientzia linguistiko kritikoak fenomeno dinamikotzat hartzen ditu hizkuntzak, eta ez horrenbeste ezarrita dauden arauen konstrukto finko gisa, eta hizkuntza-errepertorioak gizarte-praktikatzat jotzen ditu. Hezkuntzaren esparruan, ikasgeletarako diseinatutako jarduerak kontzientzia linguistikoa garatzera bideratuta daude, adibide eta hizkuntza-errepertorio aski desberdinak eztabaidatu, aztertu eta gogoeta egitearen bitartez. Gisa horretan, eztabaida adierazgarria bidera daiteke.